2015/05/09

egon + egin = izan

Graduko lau ikasturteetan zehar ikasi dugu irakasleak bi lan nagusi dituela: egotea eta egitea. Horrela ulertu dut nik behintzat. Graduko ikasgai guztietan izan dugu aukera egoteari eta aritzeari buruz ikasteko. Hala ere, ikasgai batzuk bereziki zuzendu dira egotea lantzera, eta beste batzuk egitera bideratu dira. Lehendabizikoen artean jarriko nituzke Hezkuntzaren Soziologia, Hezkuntzaren Teoria eta Historia, Irakasle Funtzioa, Hezkuntzaren Psikologia, Eskola Inklusiboaren Oinarriak eta Zailtasunak Garapen eta Ikaskuntzan. Garapen Psikomotorra I eta II egotea eta egitea estuki uztartzen dituzten ikasgai moduan bizi izan ditut nik, baita Ikastetxearen Antolakuntza ere, hiru Practicumekin batera. Gainontzeko ikasgaiak, orokorrean, egiteari buruzkoak izan dira, irakasleren batek edukiak egoteari buruzko gogoeta egitera bideratu bazituen ere.

Ondorioz, esango nuke gradua egoteari buruz ikasten hasi genuela, eta hortik aurrera egitearen inguruko ikasgaiek nabarmen hartu zutela aurrea. Batzuetan faltan bota ditut egotea lantzeko aukerak azken bi ikasturteetan. Nire ustez, zailagoa da egotea lantzea eta hobetzea, eta zailago izate horrek azkenean garrantzitsuago bihurtzen du. Zer egin errazagoa da ikasten, baina nola egin... hori beste kontu bat da.

Bestetik, beldur naiz nire gelakide gehienak ez ote diren azken bi ikasturteetan gehien landu dugun horrekin geratuko, egitea alegia, egotea alde batera utzita. Azken batean, hogeita bi urte dituzunean duela lau urte egindakoa galaxia urrun batean dago.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina