Portfolioaren bigarren ariketarako, gure irakasleak eskatu digu Eisner-en 2004ko El arte y la creación de la mente. El papel de las artes visuales en la transformación de la conciencia liburuko 10. kapitulua irakurtzeko, bertan azaldutako hamahiru ideien artean bakoitzarentzat garrantzitsuenak direnak aukeratzeko eta norberaren hitzetan azaltzeko. Ondoren, gure talde txikian eztabaidatu eta taldeko lau ideia nagusiak erabakiko ditugu. Nik aukeratutakoak ondokoak dira:
1. Esanahiak askotarikoak dira, eta horiek sortzeko beste hainbat bitarteko behar ditugu
Gizakiaren zeregin garrantzitsuenetako bat esanahiak eraikitzea da, hau da, ikastea. Hezkuntzak, noski, ikaskuntzan paper garrantzitsua du. Esanahiak sortu eta ulertzeko bitarteko diferenteak digu eskura, eta horietako bakoitza erabiltzen trebatu beharra dugu bakoitzari ahalik eta etekin handiena atera ahal izateko, ez baitira norbanakoaren heltze prozesuaren bitartez modu automatikoan garatzen. Gainera, bitarteko horietako bakoitzaren bidez gai baten inguruan esanahi osagarriak eraiki daitezke. Beraz, zenbat eta bitarteko gehiago ezagutu, orduan eta esanahi aberatsagoak eraiki ahal izango dira.
Eskolak esanahiak eraikitzeko bide gutxi batzuei eskaintzen die arreta gehien: hitzezko hizkuntza eta matematika. Haurrak horietan trebatzeko ahalegin handiak egiten dira, eta horretan ematen dira eskolako ordu gehienak. Arteek (plastikoak, musikak, dantzak, antzerkiak) ikasteko bide berriak eskaintzen dituzte, hitzezko hizkuntzak eta matematikak eskaintzen dituztenen osagarri direnak, eta horiek bezain baliotsuak.
2. Harreman kualitatiboei buruzko iritziak ezagutza somatikoan oinarritzen dira
Ikasteko
beste modu batzuetan ez bezala, arteetan esanahi berriak elementuen
harreman kualitatiboei erreparatuz eraikitzen dira. Harreman
kualitatiboei buruzko iritziak norberaren barrura begiratuta sortuko
dira, zentzumenen bitartez sortzen zaizkigun sentsazioetatik abiatuta.
Sentsazio horiek hautemateko gaitasuna, sentsibilitatea, garatu egin
behar da, eta garapen horren bidez lortuko da bizitzaren zentzu
estetikoa.
Arteek
sentsibilitate hori lantzeko eta garatzeko aukera eskaintzen dute,
ikasteko beste bideek sustatzen duten pentsatzeko moduarekiko desberdina
den pentsatzeko modua sorrarazten dute.
9. Eskolako ikasketa-eremu guztien artean, arteak dira dibertsitatea, indibidualtasuna eta ezustekoa gehien sustatzen dutenak
Egungo eskolan (eta munduan) uniformizaziorako, homogeneizaziorako eta estandarizaziorako presioak oso nabarmenak dira. Arteek aukera paregabea eskaintzen dute indar horiei aurre egiteko eta sormena bultzatzeko.
Bestetik, bizitzako esperientziak gero eta aurreikusteko modukoagoak dira; ezustekoari toki gutxi egiten diogu. Eskolan ere horrelaxe gertatzen da, eta ezustekoa eta akatsa etsai bezala ikusten dira. Arteek ezustekoari atea irekitzen diote, sortzeko prozesuan zehar malgutasunaren bitartez.
Arteen bidezko ikaskuntza ebaluatzeko ezinbestean hartu beharko dira indibidualtasuna, aniztasuna eta ezustekoa kontuan. Horrenbestez, ebaluazioak ezingo du izan aurretik finkatutako helmuga jakin eta bakarrarekiko egindako bidearen neurketa, ikasle bakoitzaren ibilbidearen azterketa baizik.
12. Arteen bidez hazteko aukerak amaigabeak dira
Garuna biologikoa den artean, adimena edo gogamena kulturala da. Eskolak paper garrantzitsua du adimenaren garapenean, haurra kulturarekin harremanetan jartzeko bitarteko nagusietako bat delako. Bestetik, hezkuntzak norbanakoaren garapenari egin dakiokeen ekarpenik nagusia bizitzan zehar ikasteko interesa piztea da.
Arteek norbanakoa bir-sortzeko aukera eskaintzen dute, artelana sortzeko prozesuan norbanakoaren izaera islatuko duen emaitza lortzen baita, eta emaitza hori beste bir-sortze baterako abiapuntua izango delako. Beraz, arteek etengabe ikasteko prozesu ziklikoak jartzen dizkiote eskura gizakiari.
Taldean eztabaidatu dugunean, ikusi dugu guztiok komunean jasotako ideia bakarra bederatzigarrena dela eta eztabaida labur baten ondoren, erabaki dugu ondoko ideiak proposatuko ditugula talde bezala: 1, 4, 6 eta 9.