2013/02/09

Ez-eskola den eskola


Graduan badugu gure artean Haur Hezkuntzarekin oso kritikoa den gelakide bat. Bitxia da bere buruarekin duen lehia ikusi ahal izatea, gradua ikasten egon eta, hala ere, Haur Hezkuntza (hemen ulertzen dugun moduan, behintzat) gustuko ez duela aitortzen duelako. Berak aurkeztua da ondoko bideoa, Ekuadorreko Pestalozzi eskolari buruzkoa. Nolabaiteko Neill-en Summerhill kutsua ikusten diot eskoletara joateko obligaziorik ez dagoelako, eta oso Pestalozziarra (Rousseauarra, zentzu horretan), naturarekin duen harremanagatik. Arraro egin zait eskolaren sortzaileek alemanez hitz egiten dutela ikustea (agian Alemaniarako dokumentala zen?), baina irudietan aditzera ematen denez, tokian erabat integratutako eskola da. Haurren interesei jarraituz eskola antolatzeko eredu interesgarria da, dudarik gabe. Bideoa 2006koa da, eta hiru zatitan aurki daiteke Interneten; hementxe daude bata bestearen jarraian.




Jatorrizko sarrera idatzi ondoren bideoa gelan ikusi eta idazlan bat egiteko eskatu zaigunez, jarraian aurretik idatzitakoa osatuko dut, lehendabizi bideoan azaltzen diren alderdi naguasiak azalduz, eta bukaeran nire gogoeta pertsonala gehituz.

Leonardo eta Rebeca Wild-en proiektu pertsonala izan zen Pesta eskola (Centro Experimental Pestalozzi): 1977an haien seme zaharrenarentzat haurreskola sortzearekin hasi zen, 1980an fundazio bihurtu zen (Fundación Educativa Pestalozzi), eta 2005a arte 3-18 urte bitarteko haur eta gazteak hezten jardun zen. 2005ean eskola itxi ondoren proiektu berria abiarazi zuten, komunitate oso bat sortzeko, "El León Dormido" izenekoa.

Bideoetan ikusi dugunez, Pesta eskola erabat irekia zen: aterik gabea, haurrei irekia, helduei irekia, esperimentazioari irekia. Itxuraz oso espontaneoa dirudien arren, oinarrian xehetasun handiz antolatu eta prestatutako espazio eta jarduerak daude. Helduen papera espazioak prestatzea da, gonbite bat luzatzea, eta haur bakoitzak erabakitzen du eskaintzen zaizkion jarduera guztien artean zein aukeratu. Pertsonaren garapen globala eta holistikoa bilatzen dira, autonomian eta autoerregulazioan oinarritutako sistema baten baitan, alderdi emozional eta afektibotik oso aberatsa eta segurua den ingurune batean autonomiaz norberaren garapenaren protagonista izatea.

Pedagogiaren aldetik, gehienbat ikuspegi konstruktibista-kognoszitiboa aplikatzen dela iruditu zait, Piageten garapenaren etapei jarraituz, eta Montessoriren pedagogiako elementu asko sartuz (zentzumenenen bidez lan egiteko material asko ikusten da, gelen antolaketa bera eredu horrekin lotzen dut). Ondorioz, Haur Hezkuntzako etapan alderdi sentso-motorra eta jolasa dira jardueren ardatzak, eta Lehen Hezkuntzan arauak lantzen hasten dira astero ospatzen den batzarrean guztien artean elkarbizitzaren inguruko erabakiak hartuz. Hala ere, egia da elkarrekintza eta berdinen arteko tutoretza asko bultzatzen dela eta, zentzu horretan, ikuspegi konstruktibista-sozialaren elementuak ere nabarmentzen dira bideoan ikusten den eskolan. Rebeca Wild-ek idatzitako artikulu honetan ezagutu daiteke hobeto eskola honen alderdi pedagogikoa.

Bestetik, autoebaluazioari garrantzia handia ematen zaio Pestan. Izan ere, haurra da Lehen Hezkuntzako etapatik Bigarren Hezkuntzara igarotzeko prest dagoela erabakitzen duena, ikastetxe honetan ez baitago eskolarik, azterketarik nahiz notarik.

Irakasleek etengabeko behaketan eta prestakuntzan oinarritzen dute haien jarduna, haurrentzat esanguratsuak izango diren ikaskuntzak eman daitezen baldintzak sortzea baita beren ardura. Irakasleen inplikazio estuaz gain, gurasoen parte-hartzea oso nabarmena da ere. Gurasoentzat gau-eskolak daude (kasu honetan Milani dakar burura Pesta eskolak, bete-betean), eskola eta etxearen artean harmonia egon dadin bilatzen baita.

Bideoaren hirugarren zatian gurasoen inplikazioaz gain komunitate osoaren garrantziaz hitz egiten zaigu, norabide bera duten bestelako ekimenekin sinergiak sortzeari buruz. Kasu honetan CEPAk (Centros para Actividades Autónomas) aurkezten zaizkigu, Ekuadorreko hainbat herritan sortutakoak, komunitate osoa barne hartzen dutenak, eredu sozioekonomikoa eraldatzea (Freire dakar burura kasu honetan bideoak), merkatu alternatiboak eta dolarretik aldenduz ekonomia garatzea bilatzen dutenak.

2005ean Pesta eskola itxi ondoren erabat arrotz eta erasokorra iruditzen zaien gizarte horretatik babesteko asmoz Wild-tarrek komunitate oso bat eraikitzen dute, hainbat familia orokorra den sistema horretatik at bizitzeko adinakoa izango dena.

Gogoeta pertsonalari dagokionez, pedagogiaren alderditik Pesta oso erakargarria iruditu zait. Planteamendu orokorraz gain, interesgarria iruditu zait eskolaren xumetasuna baliabide materialen aldetik; eskura dauden materialak erabili dira, esfortzua benetan garrantzia duten elementuetan jarri da, modak eta azken irrintziak alde batera utzita. Munduaren gure aldean itxurari gehiegizko garrantzia ematen zaio, baita hezkuntzan ere, eta oso azalekoak diren gauzetan galtzen dugu energia.

Erabat ados nago haurraren autonomia ahalik eta gehien lantzearen inguruan egiten den proposamenarekin, batzuetan hiruzpalau urteko haurrak sekulako zerra eskuan hartuta egurra mozten ikusteak beldurra eragiten didan arren. Autonomiaren inguruan duela gutxi irakurritako sarrera bat etorri zait burura, oso polita dena.

Oso gustukoa dut ere eredu honetan ikusten den eskola eta komunitatearen arteko elkarrekintza, eta bide horretan aurrera egiten duen eskolarekin bat egiten dut erabat. Bestelako eredu batzuk ezagutu ditugu graduan zehar pedagogiaren aldetik interesgarriak iruditu zaizkidanak, baina ingurunetik isolatzean oinarritzen direnak (barnetegiak, adibidez), eta ez dut horretan sinesten, batez ere gaur egun, mundu globalizatu honi ihes egiten saiatzea ezinezko eta zentzurik gabekoa iruditzen zaidalako.

Hala ere, galdera eta kezka batzuk ere sortu zaizkit bideoa ikustean: oso pertsonala den proiektu batek arrakasta denboran zehar mantendu al dezake? Sortzaileak desagertzen direnean nola lortu irautea? Nahikoa irekia al zen Pesta (inguruneari, komunitateari, esan nahi dut)? Horrela bazen, zergatik itxi zen? El León Dormido ez al da Pesta baino askoz ere itxiagoa den zerbait eraikitzeko ekimena, bere burua aski izango duen zelula, beste inoren beharrik izango ez duena? Mundutik at bizi ahal izateko Edena, azken batean gutxi batzuen eskura baino egongo ez dena? Ez da hori nire ideala, egia esan, baina badirudi kemenez eta ideia onez betetako pertsona askok azkenean haien buruak horrelako zerbait sortzera behartuak ikusten dituztela, Pestaren sortzaileen moduan.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina