2013/01/26

Blogaren zentzuaren inguruan


Azken egun hauetan blog honen zentzuaren inguruan pentsatzen hasi naiz. Badirudi graduan zehar bloga ikaskuntzen bilduma bezala erabiltzeko asmoa finkatu zaidala, eta sarrera mordoxka bat pilatzen hasi zaizkidala ikusita galderak etorri zaizkit burura: zer nolako erabilera eman nahi diot honi? zertarako balioko dit gradua bukatzean (momentu hori iristen bada behintzat)? Iruditzen zait sarrerak nolabait sailkatzen hasi beharko nukeela, gaika edo, aurrerantzean hemen bildutakoa erabiltzeko asmoa badut, baina ez dut denborarik izan blogetan horrelakoak nola egiten diren begiratzeko (a! etiketak horretarako dira, noski!), eta agian udara arte itxoin beharko du gaiak.

Bestelako gauza batzuk ere etorri zaizkit burura: joan den ikasturtean askoz ere interesgarriagoa eta aberasgarriagoa zen bloga, gelakideek ere haiena idazten zutelako, eta asko ikasi nuen irakasleak botatako galderek gutako bakoitzarengan eragiten zuten oihartzunekin. Aurten bakarrik nabil, eta faltan sumatzen ditut, baina beste inor ez da animatu bloga bizirik mantentzen, eta oraingoz beste inork ez gaitu horretara behartu (orain taldeko blogak sortzeko eskatu digute IKTei buruzko irakasgaian, aurretik egindakoari jarraipena eman ordez, gure kulturan hain errotua dagoen maniari eutsiz, baina hori beste gai bat da). Gauza da ikasketak ezkutuan egiten ari ez naizen arren, ez naizela ekimena zabaltzen ari, urte batzuetan ikasketak lanarekin uztartuko ditudalako, eta beldur naizelako laneko eremuko jendeak honen berri izanez gero izan ditzakedan arazoen inguruan. Beraz, ez dut blog honi inolako oihartzunik emateko asmorik, eta horregatik da nahiko anonimoa.

Bestetik, uste dut blogak ikaskuntzak biltzeaz gain ibilbidearen oroigarri gisa edo balio beharko lidakeela ere, egunkari pertsonalegia bihurtu gabe, eta noizean behin horri buruzko sarrerak sartuko ditut. Adibidez, astea erabat ozpinduta igaro dudala kontatuko dut, oso maldan gora egin zaidalako eskolara bueltatzea (bai joan den lauhilekoan, eta baita honetan ere). Aurreko lauhilekoan aste pare bat iraun zidan, eta ea oraingoan lortzen dudan astebete bakarrik izatea. Astea primeran bukatu dut behintzat: irakasle batek ordu t'erdi festa eman zigun, eta spinningera joan ahal izan nintzen. Saioa mundiala izan zen, eta munduarekin bakean irten nintzen polikiroldegitik, egia esan.

Maiatzak 10 bitarteko asteak maldan gora egitea ulertzekoa da, egunero goizeko 7.20etan etxetik irten, lanean ibili, 15 minututan (zortea badut) bazkaldu, bi autobus hartu, unibertsitatera berandu iritsi, eta 14.45etatik 19.30ak, 20.00ak edo 20.30ak arte eskolan egotea ez da samurra. Eta ondoren etxera joan eta hurrengo eguneko bazkaria prestatzea geratzen da oraindik. Orain arte astean egun bat libre izan dugu, eta horrek asko laguntzen zidan arnasa hartzen. Gustuko tokian aldaparik ez dela esaten zidan osaba maite batek, baina, tira, batzuetan kosta egiten da. Gelakide batzuk berdintsu dabiltzala ikusteak asko laguntzen dit, eta orduan pentsatzen dut beste batzuk bi haur txikiko familia eta ikasketak uztartzea lortzen badute, edo beste mila egoera, ba ni ez nagoela kexatzeko moduan, haiena nirea baino gogorragoa delako. Eta iruditzen zait horrela eusten diogula elkarri, bakoitzak besteena berea baino zailago dela pentsatuz aurrera egiten.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina