2014/01/22

Arte Plastikoen portfolioa

Ikasturte honetan kosta egiten ari zait lana blogerantz bideratzea, eta spin-off mordoxka sortzen ari zaizkit. Horietako bat Arte Plastikoak IIko portfolioa da. Lana blogean egiten hasi banintzen ere, iruditu zitzaidan hau ez zela formaturik egokiena, eta Wix plataforman webgune txiki bat sortu nuen. Bertara eraman nituen hemen ikasgaiaren inguruan idatzitakoak eta horren gainean egin nuen lan.

Hementxe dago emaitza, oraingoz oso pozik utzi nauena. Bigarren lauhileko honetan zehar espero dut portfolioa osatzen jarraituko dugula, irakaslea aldatuko badigute ere.

2013/12/03

Haur Hezkuntzarako arte plastikoetako proposamen baten deskribapena: taldeko ondorioak

Talde txikian eztabaidatu dugu gure esperientzia, eta oso antzekoa izan dela ikusi dugu. Orokorrean, arte plastikoen inguruan egiten diren jarduerek motrizitate fina lantzea dute helburu, eta oso gidatuak daude. Normalean, haurrek eredu baten gainean egiten zuten lan (fitxa bat).

Batzuetan, gainera, oso denbora gutxi ematen zaio gaiari.

Haur Hezkuntzarako arte plastikoetako proposamen baten deskribapena

Joan den ikasturtean Practicum Iean izan nuen esperientzian arabera egingo dut ariketa hau. Lau urteko gelan hiru txoko zeuden, eta horietako bat plastika txokoa zen. Beste biak puzzle txokoa eta eraikuntza txokoa ziren.

Irakaslearen eta ikasleen paperari dagokionez, uste dut nahiko esanguratsua dela txokoei buruzko ikuspegi orokorra: eraikuntza eta plastika txokoak haurrek modu nahiko autonomoan lan egiteko txoko gisa ikusiak ziren, eta puzzle txokoa, aldiz, noizean behin fitxak erabiltzen zirenez, irakaslearen aldetik parte-hartzen zuzenagoa behar zuen txokoa bezala ikusten zen.

Plastikako txokoan mahaiak eta astoak zeuden. Txokoari begira zeuden apaletan hainbat material zegoen: papera, guraizeak, arkatzak, argizariak, plastidecor antzeko margoak, plastilina, gometsak, papera zulatzeko puntzoiak eta horietarako oinarri bigunak eta abar. Astoen oinarrian tenperaz betetako ontziak zeuden, bakoitza bere pintzelarekin (horia, gorria, urdina, berdea). Kola eta hura zabaltzeko egurrezko makilatxoak beharrezkoa zenean ateratzen ziren ontzi txikietan.

Astoetan tenperarekin normalean formatu handia erabiltzen zen (DIN A3), eta mahaietan txikia (DIN A4). Ariketa batzuk haur guztiek egin behar zituzten (adibidez, gai zehatz bati buruzko margolana, edo fitxa bat puntzoiarekin zulatzea edo koloreztatzea), baina beste askotan txokoko jarduerak libreak ziren, haur bakoitzak nahi zuena margotuz. 

Adibidez, udazkenari buruzko proiektua landu zen ni han izan nintzen asteetan, eta haurrek gaztaina batzuen fitxa koloreztatu zuten (gaztainak kolore ubel eta horiz koloreztatu zuen haur baten lana "zuzendu" egin zen, niri dudak sortu zizkidan zerbait), hiru hosto desberdin zituen beste fitxa bat puntzoiarekin zulatuta hostoak banatu eta horiek ere koloreztatu ziren, eta zuhaitz bat margotu zuten tenperaz.

Eguberriak gerturatzean, komuneko paperaren tutuak erabilita eta fitxa bateko zuhaitza koloreztatu eta apainduta, haurrek etxera eramateko eguberrietako zuhaitza egin zuten. Orduan laguntza gehiago behar izan zuten, haiek tenperaz koloreztatutako tutuak lehortzen jartzen, adibidez.

Haurrek aste horietan egin zuten antzerki bati buruzko horma-irudia egin zen ere. Gelako haur baten arrebak zuhaitz handi bat eta txoriak marraztu zituen, eta gelako haurrek apaindu egin zuten guztia collagearen bitartez (orri batean haur bakoitzak bere eskuen siluetak marraztu eta guraizez moztu eta koloreztatu ondoren, eskuak zuhaitzaren adarrak balira bezala itsatsi zituzten horma-irudian).

Gelako neskak oso interesaturik zeuden paperean koroak marraztu, haiek koloreztatu eta apaindu, moztu eta buruan jartzen. Eraztunak ere egiten zituzten teknika bera egiten. Hura ez zen irakasleak proposatutako jarduera izan, haiengandik sortua baizik. Bat hasi, eta beste guztiak haren atzetik hasten ziren horrelakoak egiten.


Ni han egon nintzen asteetan ez nuen ikusi artelanen eredurik haurrei erakusten zitzaienik, eta irakasleak erabili zituen baliabideak aurreko urteetako fitxak izan ziren. Kexu zen denborarik ez zuela jarduera eta baliabide berriak bilatzeko, adibidez Eguberrietan etxera zerbait eramateko prestatzeko orduan.

Nire ustez plastikako txokoaren helburu didaktiko nagusia haurren motrizitate fina garatzea zen. Modu kritikoan begiratuta, esango nuke ez zitzaiola puzzle txokoari (matematikari) bezainbesteko garrantzirik ematen. Agian eraikuntza txokoa zen irakaslearen aldetik prestakuntza eta planifikazioari dagokionez arreta gutxien jasotzen zuena, eta ondoren plastika txokoa. Puzzle txokoan, aldiz, buelta gehiago ematen zitzaizkion zein jarduera proposatu pentsatzeari, eta haurrek egindako lanen jarraipena egiten zen (adibidez, eskura zituzten puzzle guztietatik zeintzuk bakarrik burutu zituzten eta zeintzuk laguntzarekin jasotzen zuen irakasleak idatziz).

2013/11/27

Artea eta adimenaren sorkuntza: ideietako batzuei buruzko irudiak

Aurreko sarreran landutako testuko 1, 6, 9, 10 eta 12 puntuei buruzko irudiak bilatu behar ditugu.

1. puntua


6. puntua


9. puntua


10. puntua






















12. puntua

2013/11/26

Artea eta adimenaren sorkuntza: ideia nagusiak

Portfolioaren bigarren ariketarako, gure irakasleak eskatu digu Eisner-en 2004ko El arte y la creación de la mente. El papel de las artes visuales en la transformación de la conciencia liburuko 10. kapitulua irakurtzeko, bertan azaldutako hamahiru ideien artean bakoitzarentzat garrantzitsuenak direnak aukeratzeko eta norberaren hitzetan azaltzeko. Ondoren, gure talde txikian eztabaidatu eta taldeko lau ideia nagusiak erabakiko ditugu. Nik aukeratutakoak ondokoak dira:

1. Esanahiak askotarikoak dira, eta horiek sortzeko beste hainbat bitarteko behar ditugu
Gizakiaren zeregin garrantzitsuenetako bat esanahiak eraikitzea da, hau da, ikastea. Hezkuntzak, noski, ikaskuntzan paper garrantzitsua du. Esanahiak sortu eta ulertzeko bitarteko diferenteak digu eskura, eta horietako bakoitza erabiltzen trebatu beharra dugu bakoitzari ahalik eta etekin handiena atera ahal izateko, ez baitira norbanakoaren heltze prozesuaren bitartez modu automatikoan garatzen. Gainera, bitarteko horietako bakoitzaren bidez gai baten inguruan esanahi osagarriak eraiki daitezke. Beraz, zenbat eta bitarteko gehiago ezagutu, orduan eta esanahi aberatsagoak eraiki ahal izango dira. 

Eskolak esanahiak eraikitzeko bide gutxi batzuei eskaintzen die arreta gehien: hitzezko hizkuntza eta matematika. Haurrak horietan trebatzeko ahalegin handiak egiten dira, eta horretan ematen dira eskolako ordu gehienak. Arteek (plastikoak, musikak, dantzak, antzerkiak) ikasteko bide berriak eskaintzen dituzte, hitzezko hizkuntzak eta matematikak eskaintzen dituztenen osagarri direnak, eta horiek bezain baliotsuak.

2. Harreman kualitatiboei buruzko iritziak ezagutza somatikoan oinarritzen dira
Ikasteko beste modu batzuetan ez bezala, arteetan esanahi berriak elementuen harreman kualitatiboei erreparatuz eraikitzen dira. Harreman kualitatiboei buruzko iritziak norberaren barrura begiratuta sortuko dira, zentzumenen bitartez sortzen zaizkigun sentsazioetatik abiatuta. Sentsazio horiek hautemateko gaitasuna, sentsibilitatea, garatu egin behar da, eta garapen horren bidez lortuko da bizitzaren zentzu estetikoa.

Arteek sentsibilitate hori lantzeko eta garatzeko aukera eskaintzen dute, ikasteko beste bideek sustatzen duten pentsatzeko moduarekiko desberdina den pentsatzeko modua sorrarazten dute.

9. Eskolako ikasketa-eremu guztien artean, arteak dira dibertsitatea, indibidualtasuna eta ezustekoa gehien sustatzen dutenak
Egungo eskolan (eta munduan) uniformizaziorako, homogeneizaziorako eta estandarizaziorako presioak oso nabarmenak dira. Arteek aukera paregabea eskaintzen dute indar horiei aurre egiteko eta sormena bultzatzeko.

Bestetik, bizitzako esperientziak gero eta aurreikusteko modukoagoak dira; ezustekoari toki gutxi egiten diogu. Eskolan ere horrelaxe gertatzen da, eta ezustekoa eta akatsa etsai bezala ikusten dira. Arteek ezustekoari atea irekitzen diote, sortzeko prozesuan zehar malgutasunaren bitartez.

Arteen bidezko ikaskuntza ebaluatzeko ezinbestean hartu beharko dira indibidualtasuna, aniztasuna eta ezustekoa kontuan. Horrenbestez, ebaluazioak ezingo du izan aurretik finkatutako helmuga jakin eta bakarrarekiko egindako bidearen neurketa, ikasle bakoitzaren ibilbidearen azterketa baizik.


12. Arteen bidez hazteko aukerak amaigabeak dira
Garuna biologikoa den artean, adimena edo gogamena kulturala da. Eskolak paper garrantzitsua du adimenaren garapenean, haurra kulturarekin harremanetan jartzeko bitarteko nagusietako bat delako. Bestetik, hezkuntzak norbanakoaren garapenari egin dakiokeen ekarpenik nagusia bizitzan zehar ikasteko interesa piztea da.

Arteek norbanakoa bir-sortzeko aukera eskaintzen dute, artelana sortzeko prozesuan norbanakoaren izaera islatuko duen emaitza lortzen baita, eta emaitza hori beste bir-sortze baterako abiapuntua izango delako. Beraz, arteek etengabe ikasteko prozesu ziklikoak jartzen dizkiote eskura gizakiari.

Taldean eztabaidatu dugunean, ikusi dugu guztiok komunean jasotako ideia bakarra bederatzigarrena dela eta eztabaida labur baten ondoren, erabaki dugu ondoko ideiak proposatuko ditugula talde bezala: 1, 4, 6 eta 9.

2013/11/24

Content and Language Integrated Learning (CLIL)

Strange as it might seem, this blog will also speak a bit of English. Most of our production in the unit about foreign language teaching is being compiled in our group blog, Ghostbusters. I share the group with four other classmates, who are wonderful, and together we have a great time and we learn a lot, I must say. So, this group blog is another reason for my personal blog's "decay".

One thing I love about this degree is that, besides giving me the opportunity to learn a lot of new things, it has also given me names for things I already knew about. I have explained a few examples of that in this blog before, and CLIL is yet another one. I rarely revisit my posts, unless I use them to prepare an exam or an exercise, but this time I read again the post I wrote about my English learning process because I sent it to an old friend. We wrote about our learning process right at the beginning of the unit, when we hadn't started reading on the subject yet. This is a quote from my post:

"... learning to use the language, or learning the language through use. We were placed in real life situations, and grammar or vocabulary became the means, and not the end themselves."

Now, watch the video where Do Coyle defines CLIL in the 21st century on our teacher's web. I quote what she says:

" ... using language to learn and learning to use language through the development of content"

I have found that the blog is a great tool for learning, which didn't exist when I studied my first degree. It helps to make you aware of your learning process and gives you an accurate measure of how much you have learnt. For instance, I had to download all my posts about the first in-school training we completed last year (practicum I), and having written all those posts enabled me to realise that what I had learnt in 5 weeks took 60 pages to summarise in my own words, which I consider an awful lot. That, and being able to cross-reference and organise ideas are the main reasons why I love my blog.

2013/11/20

Literatura itzultzea zeinen zaila den

Blogera ekarri nahi nituzkeen berriak eta oharrak e-postan gorde ohi ditut (nire buruari estekak bidaltzen dizkiot). Azken hilabeteetan postontzia beterik daukat, ez baititut gaiak hona ekartzen. Arratsalde lasaia dudala aprobetxatuz, bat besterik ez bada ere, ekarriko dut hona.

Literaturaren didaktikan ipuin asko landu ditugu, bereziki album ilustratuetan jasotakoak. Horietako asko, gehienak, jatorrian beste hizkuntza batean idatzitakoak ziren, eta euskaratuta argitaratu dira. Irakasgaian zehar landutakoen artean, eta bestela egin ditudan bilaketetan ikusitakoen artean interesgarriak iruditu zaizkidan album ilustratu mordoxka erosi dut nire liburutegi pertsonalerako, 30 inguru. Eta erosteko orduan duda sartu zait: euskarazko bertsioa erosi, ala jatorrizkoa? Irakasgaia landu dugun gela liburutegi bat denez, bertan genituen erosi ditudan liburuetako asko, eta irakurri ahal izan ditut erosi aurretik. Batzuetan itzulpenen testuak oso onak iruditu zaizkit, izenburutik hasita (Browneren "Silly Billy" baino egokiago iruditu zait euskarazko "Kezkamuxelak", edo autore beraren "Piggybook" bezain ona euskarazko "Urdaburutarrak"), baina beste batzuetan akats ortografiko edo gramatikalak dituzten testuak aurkitu ditut, album ilustratu baten testu urria kontuan izanda barkatzen zailak iruditu zaizkidanak, edo ulertzen ez nituen esaldiak, baita gaizki itzulitakoak ere (jatorrizko testuak irakurtzean ikusi ahal izan dudanez). Euskarazkoa gustuko nuen kasuetan, hura erosi dut, eta beste askotan jatorrizko hizkuntzan idatzitakoa (ingelesa edo frantsesa bazen, horiek baitira ezagutzen ditudan atzerriko hizkuntza bakarrak). Gaztelaniaz ia batere ez.

BERRIAk duela gutxi itzultzaileen lanari buruz argitaratutako artikulua oso interesgarria iruditu zait, nire kezkak laburbiltzen dituelako eta gai honi buruz gehiago ikasteko aukera eman didalako. Benetan mundu interesgarria da, eta iruditzen zait maiz haurrei zuzendutako album ilustratuen itzulpenaren kalitateari ez zaiola behar bezalako arreta ematen, haur eta gazte literatura balio eskaseko genero bezala hartzen delako, et haurrentzat edozer egokia dela uste delako.