Atzo arratsaldean iloba zaharrenaren bila joan nintzen eskolara, ikasturtean lehen aldiz. Lau eta bost urteko gelan zegoenean bere eskolan egin nituen praktikak, ondoko gelan. Hortaz, atzo haur horietako batzuk ikusi nituen.
Bat gerturatu egin zitzaidan kasu egitera. Ez zuen nire izena gogoratzen hasieran, baina lehen silaba esan nionean etorri zitzaion burura. Sobra ere, nire izena ahaztu arren ni gogoratzen ninduela adierazi nahi zidan, eta honelaxe esan zidan: "zuk egun batean paper bat eman zenidan, eta luma bat zuen itsatsita, eta luma berdea zen", eta jarraitu zuen azaltzen, airean lauki bat marraztuz "honelako baten barruan liburua zegoen, eta horrek zituen lumak". Gero agur esan, eta lagunekin jolastera joan zen.
Aurreko ikasturtean ipuinaren tarterako egin nuen zorroaz ari zen haurra. Haur honek ez zituen ipuinak gustuko, ezta irakurri eta idaztea ere orokorrean. Lau urteko gelan zegoela iritsi zen eskolara eta aurretik ez zuen euskararekin harremanik izan. Ipuinetako hizkuntza zailegi egiten zitzaion ulertzen eta normalean deskonektatu ohi zuen. Ikasle bihurria zen, gainera; beste haurrekin eta irakaslearekin gatazka mordoa izaten zuen horietakoa. Berak eta beste batek ipuina gordetzeko zorroari lumak kendu zizkioten, eta haien apalean gorde zituzten. Baina horrelako sekretuak ezin dira luzean gorde gelan, eta beste haur batzuk azkar etorri zitzaizkidan bi gelakideek egindakoa. Lumak "konfiskatu" nizkien, baina berriro itsastea ez zen posible, eta haiekin positiboa zen zerbait egin nahi nuen. Horrela, erabaki nuen haur bakoitzari praktiken amaieran idatzi nien olerkitxoan itsatsiko niela luma bana. Lumak bildu zituzten biek jaso zituzten txikitxoenak.
Hori guztia gogoratu nuen atzo, haurrak ipuinen zorroa eta lumen kontua azaltzen zidan bitartean. Eta pentsatu nuen haur horrek ipuinak bere gustukoa izan zen zerbaiti lotzeko balio izan bazuen, merezi zuela ipuinen zorroa egin izana. Iruditzen zait norberak atseginez eta gogo handiz egindakoa besteengana iritsi ohi dela, eta horrek eragin positiboa duela.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina