Joan den astebukaeran erabaki nuen aurtengo ikasturteko lehen astebukaera librea hartuko nuela (ia-librea, datorren asteazkenean izango dugun saioa prestatzeko ordu batzuk erabili nituelako), eta larunbata goiza sei urte dituen ilobarekin pasa nuen. Lehendabizi erosketak egitera joan ginen, gero gure etxera, han bazkaria prestatu eta bazkaldu ondoren kartetan ibili ginen pixka batean, bere etxera joan aurretik.
Erosketak egitera joateko, zerrenda berak idaztea proposatu nion, eta oso gustura egin zuen. Gustukoa du egiten dakiena erakustea, eta gogoz aritu zen. Hori bai, zumorako laranjetara iritsi ginenean pixka bat aspertuta zegoen jada, eta hori luzeegia zela eta kexati azaldu zen, baina bukatu zituen denak.
Zerrendako lehenengo gauza bi kilo patata ziren. Segituan galdetu zidan ea bi zenbakiz idatz zezakeen, hizkiekin izan ordez, eta esan zidan kilo adierazteko "k" idatziko zuela. Gauzak gehitzen joan ginen, eta zerrendak itxura hau hartu zuen:
Piper berde batera iritsi zenean, esan zidan "berde" idatzi beharrean, margo berdea hartu eta orban bat egingo zuela. Gero, esan nion "litro" idatzi beharrean, nahi bazuen "l" idatzi zezakeela, kiloarekin egin zuen bezala. Bigarren aldiz dozena idaztera iritsi ginenean, galdetu zidan ea ez ote zegoen laburdura bat dozenarentzat, eta azaldu nion ezetz, baina nahi bazuen 2 x 12 idatz zezakeela. Biderkaketaren esanahia azaldu ondoren, esan zidan hori konplikatua zela, eta hitzez idazteari eutsiko ziola.
Deigarria iruditu zitzaidan hizkien ekonomiaren inguruko interesa, eta hitzak sinboloen bidez ordezkatzeko joera. Nik ez dut uste sei urterekin "berde" idatzi beharrean orban berde bat marraztea bururatuko zitzaidanik.
Bestetik, ez dut uste haur hau ezertan berezia denik. Nire ustez, IKTen eragina izan daiteke. Iloba ohitua dago bere gurasoen mugikorrak erabilita mezuak idaztera, eta hor oso ohikoa da hitzak ikonoekin ordezkatzea. Agian hortik datorkio ideia.
Azken batean, IKTek gure pentsamendua aldatzen dute, pentsatzeko modua bera, eta agian hau adibide bat izan daiteke.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina