Tonucci-k aurreko urteko maitzean Kursaalean izan ziren jardunaldi batzuetan azalduakoaren inguruan hitz egin zuen, eta blogean jada hark azaldutako ideia nagusiak bilduta ditudanez, ez naiz horretan gehiago arituko.
Psikomotrizitateko gelan agresibitatearen inguruan hitz egitean, Alvaro Beñaran bi ideietatik abiatu zen: batetik, garrantzitsua da agresioari agresiorik gabe erantzutea, hau da, agresioaren espirala etetea eta, bestetik, psikomotrizitateko gelan agresioa maiztasunez burutzen duen haurra ez da ekintza horiek soilik egiten dituen pertsona bezala ikusi behar, hau da, askoz ere gehiago da haur hori bere agresioak baino.
Psikomotrizitateko praktikaren ikuspuntutik, agresioa sintoma litzateke, eta psikomotrizistaren zeregina ez da sintoma hori desagertaraztea, baizik eta sintoma horren atzetik dauden gaiei irtenbidea aurkitzen laguntzea. Zer du haurrak horrela jotzeko? Zer gertatzen zaio? Zein egoeretan sortzen da agresioa? tankera horretako galderak egin behar dizkio bere buruari. Horrez gain, psikomotrizistak haurra bere osotasunean behatu behar du, psikomotrizitateko saioan zehar zein egoera, espazio eta momentutan ongi sentitzen den aztertzeko. Haurrari erantzun sakona eman nahi bazaio, benetan lagundu nahi bazaio, agresioa gertatzen direneko momentuak ez dira egokienak esku-hartzetko, haurrak ez baita harkor egongo, ezta psikomotrizista ere. Agresiorik ez dagoen momentuetan lan egin behar da emaitzak lortzeko. Baina hori zaila da, presio handia baitago jotzea amaitu dadin, agresioa desager dadin (eskolatik, beste haurren gurasoen aldetik eta abar). Hala ere, psikomotrizistak helburu bezala haurra laguntzea ezarri behar dio bere buruari, eta ez haurrak jo ez dezan nola edo hala lortzea. Bigarrena lehenengoaren ondorio izango da, dudarik gabe, baina ez da helburu bat bere horretan. Honek guztiak gogoeta sakona sustatu beharko luke psikomotrizistarengan: "zein da nire benetako motibazioa, haurra laguntzea, ala irakasle bezala arazoa gainetik kentzea?".
Psikomotrizitateko saioak aukera ezinhobeak eskaintzen ditu haurrekin konfiantzazko harremanak sendotzeko, eta agresiora maiz jotzen duen haurra laguntzeko haurra gustura sentitzen den momentu horietaz baliatuko da psikomotrista haurrarekin harremana lantzeko.
Bestetik, ezin dugu ahaztu etimologikoki agresioa harremanari lotua dagoela, eta horrelaxe ikusten da praktika psikomotorraren aldetik. Agresioak, hortaz, harreman nahia adierazten du; desegokia den modu batean adierazitakoa.
Horrez gain, agresioa burutu duen haurraren emozioek gugan emozioak eragiten dituzte ere, agresibitatearen inguruan gure bizitzan zehar izan dugun historia pertsonalaren araberakoak izango direnak. Horregatik da hain garrantzitsua psikomotrizistak lan pertsonala egitea, emozio horiek identifikatu eta ulertzeko, hori egin ezean oso erraza izango baita haurraren agresioari ia beti desegokia izango den modu automatikoan erantzutea. Hona iritsita, afektuak, emozioak eta sentimenduak desberdintzea komeniko zaigu:
- Afektuak: Acouturier-en arabera, jaiotzetik esperientzia atsegin eta desatseginen ondorioz sortutakoak. Hortaz, afektuak plazerezkoak edo displazerezkoak izango dira.
- Emozioak: unibertsalak direnak (beldurra, amorrua, poza eta tristura dira nagusiak). Afektuekin konbinatzean, intentsitate diferenteak dituzte.
- Sentimenduak: emozioei hitza jartzean sortuak.
Psikomotrizistak haurraren agresioaren aurrean sentitzea naturala da, baina lortu behar du gai izatea haurrari bere emozio edo sentimendua bueltatu aurretik iragaztea eta haurrari hark behar duena ematea, ez psikomotrizistak gogoz kanporatuko lukeen hura ematea.
Psikomotrizitateko saioa berez agresibitatea kanalizatzeko diseinatua dago, hau da, aukera apartak eskaintzen ditu agresibitatea modu positiboan lantzeko eta kanporatzeko. Izan ere, Winnicott-en aburuz, agresibitatea biziaren energia da, ongi kanalizatzean sormena sortzen duena, eta erreprimitzen bada agresioa dakarrena. Beraz, agresibitatea positiboa den zerbait da, eta psikomotrizitateko saioak balio behar du haurrak horretaz ohartarazteko. Adibidez, psikomotrizitateko saioaren abiapuntu bezala horma botatzen denean haurrari adierazten zaio agresibitatea edo indarra positiboa dela, inori minik eragiten ez bazaio, jolasaren baitan adierazia bada. Benetako jolasa dagoenean inoiz ez dago agresiorik, eta psikomotrizitateko saio osoan zehar sinbolikoki norberarengan, besteengan eta materialengan eragiten da agresibitatea adieraziz, eta hori egiten duen bitartean haurrak helduarengandik jasotako mezuak dio ongi dagoela agresibitate hori azaleratzea.
Haurra bere nortasunaz seguru dagoenean ez du jotzen; agresioak segurtasun-eza adierazten digu, haurrak bere mundua kolokan ikusten duela nolabait.
Psikomotrizistak bide asko ditu haurrarekin komunikazioa sustatzeko: materiala, begirada, hitza. Saiatu egin beharko du biderik egokiena aurkitzen, haurrak onartuko duen komunikazioa ezartzeko. Hala ere, psikomotrizitateko saioan gogoan izan behar dugu garrantzitsuena gelako dinamika orokorra dela, taldeko giroa lantzea, hura ez baita terapiako saioa, talde guztiaren psikomotrizitzateko saioa baizik.
Jolas sinbolikoan ere agresibitatea lantzen da. Adibidez, agresibitatea modu egokian kanalizatzen duten haurrekin oso egokia izan daiteke makil gogorrak erabiltzea, sinbolizatzera behartzeko material ezinhobea delako, laguna ukitu bezain pronto min emango zaiolako. Agresibitatea sinbolikoki kanporatzen da horrelako jolasen bitartez. Agresioa burutzen duten haurrek normalean ezin dute haien buruan emozioa irudi bihurtu, ezin dute materialekin eraiki buruan irudikatzen duten hori, eta horretan lagundu behar zaie.
Psikomotrizitateko saioko beste atal batzuk ere laguntzen dute agresibitatea lantzen. Adibidez, ipuinean haurrek bizitzan sentitutakoa islatuta ikusiko dute, beste ikuspegi batetik, haien burutik at, eta marrazkiek ere lagunduko diete agresibitate hori kanporatzen.
Orain arte esandako guztiak agresiorik ez dagoen momentuetarako balio du, baina agresioa gertatzen denean, nola jokatu? Beti ere, agresioa maiz burutzen duen haurraz ari gara hemen. Lehendabizi, biktimarengana joango gara, hura kontsolatu eta lasaitzera, bera baita agresioa pairatu duena. Horrek, aldi berean, denbora emango digu hurrengo urratsean agresioa burutu duenari gerturatzeko. Horrela, ez diogu agresioa burutu duenari gure lehen emozioa aurpegian botako. Gainera, denbora izango dugu pentsatzeko, haurrari lagunduko diona pentsatzeko, aurretik honelako egoera bat ematen denean planifikatu duguna burura ekartzeko denbora, gure burua antolatzeko denbora.
Bide batez, agresioa burutu duen haurrak ere denbora izango du pentsatzeko. Ia beti gaizki sentituko da egindakoagatik. Maiz, ezkutatu egingo da, alde egiten saiatuko da, ezer gertatu izan ez balitz bezala jolastuko da. Alde egiten badu, ez zaio utziko; mezu argia bidali behar zaio: ezin duela jolasten jarraitu psikomotrizistak esateko duena entzun arte, harekin hitz egin arte. Hitzik egin nahi ez badu, bankuan esararaziko dugu hitz egiteko prest dagoen arte. Honelako haurrek nortasun sendoa behar dute aurrean, iraunkortasuna behar dute, eta mezu garbia: mundua hankazgora jartzen ohitua zaude, baina ni ez nauzu urduri jarriko. Bere ekintza okerra izan dela jakin arazi behar zaio: jo egin duzu, nahita egin duzu, eta hori ezin da egin. Haurrak jakin behar du helduak bermatzen duen araua hautsi duela, eta hori ezin dela egin, baina horrekin batera haurrari irtenbidea eskaini behar diogu: gainera, zuk badakizu ongi asko jolasten, nik ikusi zaitut beste batzuetan halako eta halako egiten; goazen, erakuts iezadazu nola egiten duzun hori.
Ez da pentsatu behar hau egindako lehenengoan haurraren jarrera aldatuko denik. Haurrak jotzen duen bakoitzean behin eta berriro egingo dugu gauza bera, haurrak guk nahi edo espero genuen bezala erantzun ez arren. Ezin diogu eskatu haurrari guk hari asko "eman" diogulako, hark guri ere asko emanez erantzutea. Egonkor, iraunkor eta sendoak izan behar dugu, eta ez diogu haurrari beldurrik izan behar, ez bere kasketei, ez negarrei, ezta haserreei ere. Honelako haurrak bi gauzek lasaitzen dituzte: egiturak eta afektuak. Normalean, ez dute integratu egitura eta afektua pertsona beraren eskutik etor daitezkeenik, haien bizitzan pertsona desberdinengandik jaso dituzte. Haurrak hori ulertu eta onartzen duenean, aurrerapauso handia egin ohi du.
Ildo beretik jarraituz, ez da inoiz pentsatu behar agresioa burutzen duen haurrak gu zailtasunetan jartzeko egiten duenik, ezta dibertitzeko ere. Haur Hezkuntzako etapan haurrek ez dute gaitasunik kontzienteki arrazoituz gu izorratzeko asmoz ezer egiteko. Haiek zerbait egitean erantzun bat jasotzen dutela behatuta erantzun hori bilatzeko izan daiteke, baina ez dute helduaren intentzionaltasunik haien ekintzetan.
Aholku orokor gisa, haurra entzuten saiatu behar gara, gure emozioek hura estali gabe haurra entzuten, dirudiena baino zailagoa dena.
Agresioari buelta emateko beste modu bat agresioa jolas bihurtzea da, jolasetik agresiorako bidea egiten den moduan, kontrako bidea egitea. Beste baten etxea bota duen haurrari proposatu diezaiokegu harentzat etxeak egin eta berarekin batera botatzea.
Helburua, azken batean, agresioaren espirala haustea da, agresioak tentsioa areagotzen baitu, eta horrek era berean agresioa berriro gertatzea errazten baitu. Hortaz, etengabe elikatzen den dinamika hori hautsi behar da.
Agresioa burutu duen haurra bankura eseritzera bidaltzean, garrantzitsua da berak eta beste lagunek hori zigor bezala ez ikustea. Haur bat bankura bidaliko da taldearen segurtasuna hautsi denean, eta segurtasun hori berreskuratzean bueltatu ahal izango da bertara. Bankuan dagoen bitartean, haurra gonbidatuko dugu beste lagunak behatzera eta gogoraraziko diogu berak ere badakiela minik eman gabe jolasten. Berriz ere jo gabe jolasteko prest dagoenean sartuko dela esango zaio, eta momentu hori noiz iritsi den psikomotrizistak erabakiko du.
Bestetik, ona da ere arrisku handirik ez badago, elkar jo duten bi haurrei denbora pixka bat uztea haien liskarra konpontzeko. Psikomotrizistak haurrengan konfiantza duela adierazi behar die, haien gaitasunengan sinesten duela azaldu.
Autoagresioen atzean maiz beldurra edo gehiegizko kulpabilitatea daude; haurra oso errudun sentitzen da eta bere buruari bueltatzen dio mina, bere burua zigortzen du. Lehendabizi, agresibitate hori askatu beharra dago, agresibitateari erruaren pisua kendu, materialetara bideratuz, eta hori txalotu. Bestetik, haurra osotasunean begiratu behar da, ongi egiten duen guztia errekonozitu eta saritu.
Inhibizioan, aldiz, gehienetan helduak onartu ez duen oinarrizko agresibitatea dugu. Helduak haurrari emandako mezua ondokoa izan da: agresibitatea txarra da, erreprimitu behar duzu. Agresibitatea erreprimitzearen ondorioa sormenaren galera da. Horregatik, haur inhibituak maiz ikasle onak dira, arkumearen azalarekin mozorrotutako otsoak, benetazkoa ez den nortasuna garatu duten haurrak. Hala ere, badaude sasi-inhibituak diren haurrak, benetan kapritxoz inhibitu direnak, frustrazioa behar bezala bizi ez dutelako eskolara iristean han parte hartuko ez dutela erabaki dutenak. Benetako inhibitu direnekin haurrak errespetatua izango denaren mezua oso argi jaso behar du, oso argi utzi behar zaio hura ez dugula ezer egitera behartuko. Maiz, harremana hastea zaila izango da, eta materialaren bitartez has daiteke. Haur hauek gehiegizko larritasuna dute, segurtasun sendoagoa eraiki behar dute. Inhibizioa atzean uzten ari denaren seinalea haurrak bere kabuz zerbait egitea izango da, ez guk eskatuta edo bultzatuta, baizik eta argi eta garbi bere ekimenez zerbait egiten duenean. Orduan bakarrik pentsatu ahal izango dugu zerbait aldatu dela haurrarengan. Gauzak ondo badoaz, inhibizioa gainditzen hasten denean, lehenago edo beranduago, agresibitatea aterako du haurrak, eta seinale ona izango da, eta orduan hori bideratu beharko dugu, sentsibilitate handiz, haurra berriz ere uzkurtu ez dadin. Normalean, gorputza asko kontrolatzen duten haurrak dira, beldur dira gorputza aske uzteko.
Azken hitz batzuk 0-3 zikloan agresioen inguruan. Haurra desplazatzen hasten denean, baina oraindik komunikatzeko gaitasuna gehiegi garatu ez duenean, oso ohikoak dira agresioak. Garrantzitsua da helduak lasaitasuna mantentzea, afektu asko eskaintzea, eta psikomotrizitateko gela agresibitatea kanporatzeko prestatua egotea (guztia txukunegi ez edukitzea, koska egiteko materialak eskaintzea, eta abar).
Bukatzeko, nire iritzi pertsonala bilduko dut laburki. Practicum I-eko esperientziak blogean bildu nituenean Alvaro Beñaranek azaldutako ideia asko irudikatzen zituzten egoerak adierazi nituen, agresioaren eta inhibizioaren inguruan, eta nire tutorearen eskutik ikusi ahal izan nuen hitzaldian proposatu zitzaigun helduaren rola beregan. Gai horien inguruan behatutakoaren arrasto asko ikus daitezke haurrek nigan sortutako emozio eta sentipenen inguruko autobehaketa ariketan, adibidez, baita Practicum I-eko esperientziak bildu zituzten beste hainbat sarreretan ere. Izan ere, Practicum II-rako tutore eta gela berarekin lanean jarraitzen erabakiaren arrazoietako bat Alvaro Beñaranen hitzaldian azaldutako gaien inguruan gelan erronka suposatzen duten haur mordoxka bat dagoela jakitea izan da.
Alvaro Beñaranek esandakoak psikomotrizitateko saioetarako ez ezik, irakaslearen eguneroko jardunerako oinarrizko gaiak iruditzen zaizkit, egiazko irakasle ona besteen artean desberdintzen duten horietakoak. Bukatzeko, agresibitatearen inguruan norberak izandako esperientziaz gogoeta egitearen garratziaz ohartuta nago, baina gai korapilatsua dela argi dut ere, barruda begirada sakona eskatzen duena. Zentzu horretan, esango nuke tartea egina dudala iruditzen zaidala, baina egina izanagatik ere, beste horrenbeste aurrean dudala ere uste dut. Hezkuntzan badirudi ia beti batek egindakoa bezain beste duela aurrean, ibilitako bidea zeinen luze izan den inporta gabe; beti ikusten dut nire burua itsasoaren erdian.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina