2013/06/05

Hezkuntzarako Web 2.0 tresnen bi bilduma eta RSS jarioen irakurlea

Web 2.0 tresnak etengabe aldatzen doazenez, ez da erraza iturri bakar bat erabilita egunera egotea. IKTen inguruko webgune eta blogak jarraitzeaz gain, uste dut zerbait zehatzaren bila zabiltzan bakoitzean bilaketa espezifikoa egitea ezinbestekoa izango dela. Hala ere, tresnen bilduma pare bat ekarri ditut hona. Lehenengoak 300 aplikazio ditu zerrendatuta, bakoitzari buruzko azalpen motz batekin. 

Bigarrenak oraindik tresna gehiago ditu, eta antolaketa askoz ere interesgarriagoa. Izan ere, azken honetatik gustukoen dudana horixe da; antolaketa garbia eta barne hartzen dituen gaien aniztasuna. Egia da tresnetako asko Bigarren Hezkuntzara zuzenduta daudela, baina Haur Hezkuntzako irakaslearentzat ere erabilgarri izan daitezke, haure txikientzat apropoposak ez badira ere. IKTen "itsaso" zabal horretan erraza iruditzen zait aplikazio berri bat ezagutu, hori erabiltzeko apetak eman, eta horretarako aitzakiaren bila jartzea, berez, kontrakoa behar lukeenean: behar berria sortu, eta horretarako aproposena den aplikazioa bilatu jarraian. Oso egokia iruditu zait tresnen zerrenda antolatzeko lortu nahi den helburutik hastea, eta benetan bikaina da informazioaren egituratzea. Estekaren bat badirudi zaharkitua dagoela, baina inoiz Web 2.0 tresnen bilduma bat egin eta eguneratua edukitzera animatzen banaiz (zentzurik ez du egiteko lanak hartzea eguneratu behar ez bada), honelako egitura emango diot.

Bukatzeko, aurten erabiltzen hasi naizen beste aplikazio mota bat ere jasoko dut hemen: RSS jarioen irakurleak. Maiztasun handiarekin eguneratzen diren webguneak jarraitzeko oso aproposak dira (blogak, komunikabideak eta abar), eta nik Feedly erabiltzen dut. Ondo dabil, eta Blogger-ekiko abantaila du, blogez gain bestelako webguneak aplikazio bakarrarekin jarraitzea ahalbidetzen didalako. Aurretik Google reader-ekin edo Bloggerren harpidetza sistemaren bidez jarraitutako webguneak automatikoki hartzen ditu, eta erraza da kudeatzen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina