Egia esan, ez dut udaberriaz gozatzeko aukera handirik, lanak eta eskolak denbora gutxi uzten didatelako, baina izpi txikiei probetxua atera diet azken aste parean. Gustuz hartu ditut unibertsitatetik bueltan etorri eta Artzai Onaren parean autobusetik jaistean bertako gereziondoen lehen loreak, edo goizetan lanera noanean Astigarragan autobusetik jaitsi eta bulegorako bidean dauden hurritzen hosto leunak, kimutik atera berriak. Aste honetan Bergarara joan gara lankide bat eta biok, eta kopilotu nintzela aprobetxatuz, gure mendietako elorri zuriak eta gereziondoak loretan ikusi ditut han hemenka. Paisaian modu errazean desberdintzen diren urtearen sasoi bakarra hauxe da. Gauean amets eta guzti egin dut; Kandinskyren mendi urdinaren antzekoa zen malda bat ikusten nuen, baina nire kasuan zilar kolorekoa, loretan zeuden gereziondoz josia.
Japonian bitan baino ez naiz izan, baina oso interesgarria iruditzen zait bertako kulturan edertasunak egunerokotasunean duen tokia, eta efimerotasunaren edertasunaz duten kontzeptua, baita perfekzio ezan edertasuna aurkitzeko duten gaitasuna ere. Aste hauetan hor egongo dira herritar gehienak, komunikabideen bitartez sakura zensen-a jarraitzen, udaberriaren edertasun efimeroak hain luze den artxipielagoa hegoaldetik hasi eta iparralderaino nola zeharkatzen duen ikusten, eta urtean behin kuku egiten digun naturaz parkeetan gozatzen.
Oso garrantzitsua iruditzen zait haurrei edertasunaz jabetzen laguntzea, hura estimatzen eta bilatzen ikasten laguntzea, instant bat baino irauten ez duen zerbaitean edertasuna aurkitzen jakin dezaten, eta beldurrik gabe edertasunari alde egiten utz diezaioten. Aste honetan autoan gindoazela leihotik elorri zuriak zuri ikusi nituenean azken horri buruz pentsatu nuen; amonatxo baten itxurarekin nire burua ikusi nuen, leihotik begira, hurrengo udaberrian elorri zuriak loretan ikusteko moduan egongo ote zen bere buruari galdetzen zion amonatxoa.